Azken astean 37 positibo berri zenbatu dituzte Gipuzkoan

Karkara 2020ko eka. 14a, 15:03

Osasun Sailak emandako datuen arabera, ekainaren 8ra bitartean, 28 kasu atzeman dituzte Orion eta zazpi Aian.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bederatzi koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan; horietatik bost Bizkaian eta bina Araban eta Gipuzkoan. Iragan igandetik, berriz, 37 kasu berri zenbatu dituzte Gipuzkoan.

Osasun Sailak, gainera, herriz herriko datuak eguneratu ditu gaur, gaitza agertu zenetik ekainaren 8ra artekoak. Horien arabera, ekainaren 1etik 8ra positibo bakarra atzeman dute eskualdeko herrietan; Zarautzen, hain zuzen.

Azterketa herriz herri eginda, ekainaren 8ra arte 204 lagunek eman dute positibo Zarautzen, 54 kasu zenbatu dituzte Zumaian, 28 Orion, 22 Azkoitian, hemezortzi Azpeitian, zortzi Getarian, zazpi Aian, bost Zestoan eta hiru Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirusagatik kutsatutako herritarrik zenbatu gaitza agertu zenetik. Gaitzaren agerpenetik ekainaren 8ra bitartean 349 herritarrek eman dute guztira positibo eskualdean COVID-19agatik.

Testak eta hildakoak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 4.060 proba egin zituzten atzo; horietatik 3.976 PCRak eta 84 test serologikoak. Krisia hasi zenetik gaur arte COVID-19 gaitzak kutsatutako 20.415 kasu zenbatu dituzte hiru lurraldeetan. Horietatik 17.601 pertsonek jaso dute senda-agiria, %86,2ak hain zuzen ere; atzo 26 lagunek jaso zuten senda-agiria. Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU), bestalde, hemezortzi pertsona daude gaur-gaurkoz. Azken orduetan, berriz, hiru lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 1.592 pertsona hil dira COVID-19 gaitza martxoan agertu zenetik. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!