Festetarako diru partida kultur emanaldietara bideratu dute Aiako eta Orioko udalek

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abe. 8a, 11:21
Mikel Urdangarinen konrtzertua Orion. (Iturria: Orioko Udala)

Herritarren artean harrera bikaina izan dute Aian eta Orion antolatu dituzten kultur emanaldiek.

COVID-19aren izurriterik izan ez balitz, San Nikolas jaietan murgilduta egongo lirateke oriotarrak. Koronabirusak, ordea, hankaz gora jarri du gizartea, eta aurtengoan bertan behera gelditu dira San Nikolas zein San Pedro jaiak. Gauza bera gertatu zen udan, Aiako San Donato eta San Lorentzo jaiekin ere. Dena dela, festetarako gordeta zuten diru partida kultur jarduerak antolatzera bideratu dute Orioko nahiz Aiako udalek.

Xabier Ibarguren Orioko Kultura batzordeburuak adierazi duenez, festetarako aurreikusita zegoen diru partida ekintza sozio-kulturaletara bideratu dute. "Egoerarik zailenean ere, kulturan inbertitzea eta indarra jartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, kulturak herriaren nortasuna eragin eta garatzen duelako. Kultura identitatea eta nortasuna ez ezik, aberastasuna eta osasuna ere badela ulertzen du Orioko Udalak".

Ibargurenen esanetan "pozgarria" da herritarrek kultur eskaintzari egin dioten harrera. "Orain arte, salgai edo eskuragarri jarri ditugun sarrerak bi arratsaldetan ahitu dira. Erantzun horrek zuzenean adierazten du herritarrek behar dutela horrelako eskaintza oparoa" .

Orioko Kultura batzordeburuaren ustez, "COVID-19ak argi utzi du behin eta berriz aldarrikatu dugun kulturaren beharrezkotasuna. Orioko Udal Gobernuak argi izan du kulturan ere indarra jarri beharra zegoela, eta horretara datoz udan zehar ere antolatu ditugun kultur jarduera eta ikuskizunak: kontzertuak, emanaldiak, zirkua eta bestelako kultur ikuskizun guztiak. Ahal den heinean, dekretu eta osasun jarraibide guztiek baimentzen duten bitartean, aurretik ere areagotzen ari ginen eskaintzari eusten jarraitzeko asmo eta indar guztia jarri du Orioko Udalak", azaldu du Ibargurenek.

Aian ere kultur eskaintza oparoa
Abuztuaren hasieran ospatzen diren San Donato eta San Lorentzo jaiak ere bertan behera utzi zituen Aiako Udalak,  pandemian bete-betean murgilduta, egoerak horretarako aukerarik ematen ez zuela arrazoituta. Dena dela, babes neurriak errespetatuta eta edukiera mugatuarekin, hainbat ekitaldi antolatu zituzten egun horietan Aian: bertso jaialdia, Zoaz pake Santuan antzezlana, Puro Relajo eta Zetak musika taldeen kontzertuak, Hodei Magoaren ikuskizuna eta herri kirol jaialdia, besteak beste. Emanaldiek bi euroko sarrera sinbolikoa izan zuten, eta bildu zen dirua EITB Maratoira bideratu zuen Aiako Udalak, COVID-19aren ikerketan laguntzeko.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!