Eskualdean planik egin al duzu uda honetan?

Karkara 2021ko abu. 20a, 11:15

Uda honetan egin al duzu planik eskualdean? Eta argazkiak atera al dituzu? Hala bada, bidali Urolako Komunikazio Taldeak antolatu duen udako GUKA argazki lehiaketara, sari bikainak irabaz baititzakezu! Irailaren 10era arte izango da horretarako aukera.

Uda honetan bisitatu al duzu eskualdeko txokorik? Argazkiak atera al dituzu Urola Kostan egindako planetan? Zein txoko gustatu zaizu gehien? Uda honetan eskualdean irudiak atera baldin badituzu, GUKA argazki lehiaketan parte hartzeko aukera paregabea daukazu. Izan ere, Urolako Komunikazio Taldeak –tartean Karkara– argazki lehiaketa jarri du martxan, eta oraindik zabalik da irudiak bidaltzeko epea. Animatu eta parte hartu, sari bikainak irabaz ditzakezu eta!

Herritarrek irailaren 10era arte aurkeztu ahal izango dituzte irudiak, lehiaketa@ukt.eus helbidera e-posta mezua bidalita edo Whatsapp bidez 688 84 63 51 telefono zenbakira idatzita. Gainera, webgunera ere igo ahal izango dira argazkiak, zuzenean –Zarauzko Hitzaren webgunean jarri du UKTk irudiak igotzeko aukera–. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara.

E-posta nahiz Whatsapp mezuetan argazkia non egina den azaldu eta hainbat datu pertsonal eman beharko dituzte herritarrek, hala nola izen-abizenak, helbidea, herria, adina, NA, e-posta helbidea eta telefono zenbakia. Argazkiak webgunera zuzenean igotzen dituztenek, berriz, formularioa bete beharko dute. Irudiak koloretakoak nahiz zuri-beltzekoak izan daitezke, baina horiek inon argitaratu gabekoak izan beharko dute.

Epaimahaiak irailaren 10aren ostean hartuko du erabakia; hau da, epaimahaiak erabakiko du zein den aurtengo GUKA lehiaketako argazkirik onena. Ondoren zabalduko da herritarrek argazki onenaren aldeko boza emateko epea. Irabazleen izenak urriaren 1ean jakinaraziko ditu UKTk.

Lehiaketan parte hartzen duten herritarrek sari bikainak lortu ahal izango dituzte; izan ere, epaimahaiaren saria, ikusleen saria eta bozketan parte hartzen duten herritarren artean zozkatuko den saria izango dira eskuragarri. Epaimahaiaren saria jasotzen duen argazkiaren egileak Xoxoteko aterpetxean lau lagunentzat egonaldia (gau bat) eskuratuko du, mantenu-erdian (afaria eta gosaria). Erabiltzaileen boto gehien jasotzen dituen irudiaren egileak, berriz, Talai Berri txakolindegian bi lagunentzako upategira bisita, hamaiketakoa eta pare bat botila irabaziko ditu. Horrez gain, botoa ematen duten herritar guztien artean bi lagunentzako Oria ibaian paddle surf ibilbidea egiteko txartela zozkatuko du UKTk.

Lehiaketaren nondik norako guztiak honako lotura honetan irakur daitezke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!