IV. Euskal Pentatloia, txapeldun berriaren bila

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 3a, 12:00
Aurtengo banakako Euskal Pentatloian parte hartuko duten kirolarietako batzuk zezen plazan izan ziren atzo, aurkezpenerako. (Mailo Oiarzabal)

Atzo aurkeztu zuten hiru jardunaldi izango dituen aurtengo lehia: bihar jokatuko dute lehen kanporaketa, hilaren 11n bigarrena, eta 25ean finala; lehen aldiz, emakumeen lehia ere izango da finalean. Guztira hemeretzi kirolarik parte hartuko dute Azpeitiko zezen plazan egingo diren hiru saioetan, tartean, Gorka Etxeberriak eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak.

Herri kirolen erakusleiho bihurtuko da datozen asteetan Azpeitiko zezen plaza. Aurreko hiru urteetan bezala, bertan jokatuko durte aurten ere banakako Euskal Pentatloi Saria, eta atzo aurkeztu zituzten antolatzaileek laugarren edizioaren xehetasunak, zezen plazan bertan.

Hasteko, jakina da txapeldun berria izango duela pentatloiaren gizonen lehiak. Izan ere, aurreko hiru aldietan irabazi duen Xabier Zalduak ez du parte hartuko laugarrengoan. Hamasei kirolari lehiatuko dira Zalduaren lekukoa nork beteko; tartean, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra eta Gorka Etxeberria oriotarra. Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousman Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Jon Unanue Goenatxo III.a, Julen Gabirondo, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, Jagoba Otaegi, Aratz Mugertza eta Jon Gisasola Zelai V.a ere arituko dira. Bestetik, aurten lehen aldiz, emakumeen txapela ere banatuko du Euskal Pentatloiak: Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe dira emakumeen lehen txapelaren bila ariko direnak.

Gizonei dagokienez, sei kirolari besterik ez dira lehiatuko finalean, eta horien izenak erabakitzeko kanporaketak egingo dituzte lehendabizi. Aurreko urteetan kanporaketa bakarra izan bada, aurten bi izango dira, biak 18:00etan hasita, lehendabizikoa larunbat honetan eta bestea hilaren 11n.

Iazko edizioan zortzigarren postutik atzera gelditu zirenak eta aurten izena eman duten berriak lehiatuko dira zapatu honetan lehen kanporaketan; Gorka Etxeberria, Joseba Otaegi, Amade, Drame, España, Irazabal, Ardeo eta Goenatxo III.a dira horiek. Zortzikote horretatik lau denbora onenak egiten dituztenek lortuko dute bigarren kanporaketan aritzeko txartela. Han, hilaren 11an, Izeta VI.a, Gabirondo, Peñagarikano, Errazkin, Kañamares, Jagoba Otaegi, Mugertza eta Zelai V.a izango dituzte zain; bigarren kanporaketan lehiatuko diren hamabi kirolariek hilaren 25eko finaleko sei postuak izango dituzte jokoan.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!