Kontxako bandera: aurrean bai, eskuan ez

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 18a, 09:00

Ohorezko Txandetan ibili dira Orioko traineruak Kontxako Estropadetan, baina banderarik ez da lortu aurten. Neskak faborito izan dira azken unera arte, baina, zoritxarrez, Donostian geratu da trapua. Uda ona izan dela azaldu dute arraun elkarteko zenbait kidek, balorazioa egiteko osatu den erreportajean.

Kontxako Banderarik ez da irabazi aurten. Hori da laburpenik zehatzena oriotarrek Donostian lortutako emaitzak azaltzeko, baina inondik ere, labur geratzea litzateke; bai behintzat, etxeko traineruek denboraldi guztian zehar, Kontxan barne, lortu eta egin dutena ondo azaldu nahi bada.

Donostiako Estropadak lagin egokia dira oriotarrentzat uda nola joan den azaltzeko: nesken trainerua banderak irabazteko faboritoetako bat izan da estropada guztietan, Arraun Lagunakekin batera. Puntu kopuru berarekin bukatu dute liga bi taldeek, baina bandera gehiago lortuta, donostiarrentzat izan da sailkapen orokorreko lehen postua. Lehia estu-estua izan dute bi txalupek, eta zaleen emozioa borborka jartzea lortu dute, estropada ikaragarriak eginez. Kontxan ere halaxe gertatu zen: segundo eta erdiren bueltako aldearekin abiatu zuten bigarren jardunaldia, eta azken unera arte ez zen ezer erabaki. Azkenean, Arraun Lagunakentzat izan zen bandera. 

Mutilei dagokienez, helburua ligako Ohorezko Txandan egotea zela azaldu zuten uda hasi aurretik, eta hori beteta geratu da, baita Kontxan ere. Eusko Label liga bukatzeko azken asteburuaren faltan, banderarik ez dute astindu, baina aurrean ibili dira, eta estropadaren batean gailentzeko aukerak ere izan dituzte. 

Orio Arraunketa Elkarteko zenbait kiderekin egon da KARKARA, traineru denboraldiaren argi-ilunak aletu eta aurrera begirako proiekzioaz hitz egiteko. 

"Kontxan gehiago nahi genuen, baina lan itzela egin dugu"

Santi Zabaleta nesken txalupako entrenatzaileari zapore "gazi-gozoa" laga dio Kontxak. Izan ere, bigarren postua ez da izan urte osoan amestutako saria. Dena den, Zabaletak balio handia eman dio Donostian emandako errendimenduari: "Lan itzela egin dugu bi igandeetan, eta horri eutsiko diogu. Txalupa oso ondo ibili da uretan. Bi egunetako denborei erreparatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko". 

Oriok lehen kaletik egin zuen arraunean bigarren igandean, Arraun Lagunaken ondoan. Donostiarrek haien kaleari eusteko apustua egin zuten, Oriori norabidea aldatzeko aukerak itxiz. Ondo atera zitzaien. "Uretara ateratzerako, bagenekien hori gerta zitekeela. Talde bakoitzak eskura dituen baliabideak erabili behar izaten ditu estropadak irabazteko, eta donostiarrek asmatu egin zuten. Chapeau", azaldu du kiroltasunez. 

Nadeth Agirreri ahotsa mehetzen zaio Kontxaren inguruan galdeginda. Emozioak bizi-bizi ditu oraindik ere patroiak. "Nahi eta ezinarekin egin genuen bigarren luzea. Istriborrera jo nahi genuen, bigarren kaleari eutsi eta korronteari izkin egiteko. Ez ziguten laga. Epaileak bi aldiz atera zigun banderatxoa, eta hor joan ziren aukera guztiak". 

Estropadaren zatiren batean aurretik joan ziren oriotarrak, baina egoera edozein momentutan iraul zitekeela pentsatzen zuen patroiak. "Bi edo hiru segundo aurretik ginela esan zidan Santik uneren batean, baina banekien bandera ez zegoela erabakita oraindik, eta azkenean, hala izan zen". 

"Heldutasun handiko" talde gaztea

Bi denboralditan nagusi ibili eta gero, iaz bajak izan ziren nesken taldean, eta gazteekin eraberrituta hasi zituzten azaroko entrenamenduak. Agirreren hitzetan, ez ziren faboritoen artean sartzen aurtengo udarako. "Izen handiko arraunlariekin indartu ziren talde batzuk udazkenean. Guk, hasiera batean, profil baxuagoa genuen". Hala eta guztiz ere, denboraldiko bi traineru onenetako bat izatea lortu dute. "Meritu ikaragarria du egin dugunak. Esperientzia gutxiko jendea izan da barruan, eta maila oso altua eman dugu ligan eta Kontxan". 

Agirrek hamabigarren denboraldia egin du patroi modura. Urteek eman dioten talaiatik, "ilusio ikaragarriarekin" ikusi ditu taldekide gazteak: "Aurreko bi urteetan bandera asko irabazi dituen talde batean sartu dira, eta haien maila eman dute. Onena erakusten saiatu dira une oro, entrenamenduetan eta estropadetan gogo handiarekin arraun eginez. Harrobikoak izanik, arraun elkartearekiko eta herriarekiko sentimendu handia dutela ikusten zaie, eta gogotsu daude borroka egiteko, Orioren izenak goran jarrai dezan".  Guztira, hiru debutari izan dituzte nesken taldean. 

Entrenatzailearen hitzetan, taldeak "heldutasun handia" erakutsi du, emaitza on zein txarrekin. "Zorionez, taldekide guztiek izan dute haien estropada, eta guztiek gozatu dute kirolaz. Goi mailan hori ahaztu egiten da sarri, eta garrantzia eman behar zaio disfrutatzeari ere". 

Kontxako bigarren postuaren "pena" oraindik barruan izan arren, Arraun Lagunakekin udan izandako lehia "oso ona" dela uste dute biek, emakumezkoen arraunak koska bat gora egiteko balio izan duelako. "Hori da helburua. Aurten bi talde ibili gara nagusiki banderen lehian, eta hurrengo urtean lau bagara, hobeto", esan du Zabaletak. 

Agirreren iritziz, garaipenak gero eta zailagoak izango dira aurrerantzean: "Goran mantentzeak gero eta lan gehiago eskatuko du, aurkariak ere gora datozelako. Orain talde gazte eta sendoa dugu Orion, eta esango nuke, bide luzea duela aurretik. Dena den, denborak esango du kuadrillaren eboluzioa nolakoa den". 

Mutilak ere aurrean

Kontxako bosgarren postuarekin "konforme" egon beharko dutela azaldu du Jon Salsamendik. Entrenatzailearen hitzetan, estropada "oso ona" egin zuten lehen igandean, baina bigarrenean ez ziren nahi bezala ibili. "Xaloegiak izan ginen, inozente samarrak. Inolako konplexurik gabe askatu genuen estatxa, eta ordaindu egin genuen gero".

Hala ere, ez da ausardia hori erakutsi izanaren damu. "Talde gaztea izan dugu aurten, eta Donostian Ohorezko Txandan sartu izanari balio handia ematen diogu", azaldu du. 

Emaitzei erreparatuta, denboraldiko helburuak bete dituztela baieztatu du. "Kontxan eta ligan Ohorezko Txandan izan gara. Denboraldi hasieran, inork ez zuen Orio bost onenen artean sartzen. Zailtasunak zailtasun, lortu dugu talde lehiakor bat garatu eta aurrean ibiltzea", esan du asebeteta. 

Talde gaztea eta arina

Mutilen txalupan ere harrobiko gazte asko izan da aurten. Estropada gehienetan, traineruko bederatzi arraunlari etxekoak izan dira. Gazteen artean, lau estropalarik egin dute debuta. Taldearen egitura "berrituta" hasi zituzten entrenamenduak udazkenean. "Kuadrillaren bi ezaugarri nabarmendu behar dira: batetik, gaztetasuna. Bestetik, taldekideen batez besteko pisua. Sekula entrenatu dudan talderik arinena izan da, eta horrek, noski, ikerketak egitera behartu gaitu traineruaren neurrietan, arraunetan, arraunkeran...", azaldu du. 

Pozik agertu da entrenatzailea, taldearen potentziala "zukutzen" asmatu dutela iritzita.  

Inflexio puntua

Salsamendiren iritziz, arraun elkartea "inflexio puntuan" dago, gizonezkoen lehen traineruari dagokionez. "Etxeko gazteekin aurrean ibiltzeak meritua du, baina hurrengo urtean, edo hurrengoan, zaleek eta arraunlariek gehiago nahiko dute", iragarri du. 

Taldea momentu estrategiko interesgarrian dagoela iritzi dio. "Esfortzu handia eskatu du denentzat harrobikoekin aurtengo maila emateak. Orain, honi jarraipena eman eta gora begira jarri nahi badugu, banderak irabaztera, litekeena da proiektu honek muga batzuk izatea; kasu horretan, zergatik ez dugu kanpoan begiratuko? Liga irabazi zenean etxeko arraunlariak baziren, baina Pol Galdiz, Salvagno, Etxaniz, etab. ere bai. Formula egokia topatu beharko da, oreka bat, harrobiko nortasunari eutsi eta, aldi berean, talde garaile bat egin nahi bada".

KAE1 ligari eutsi diote

Elkarte batek harrobiaren aldeko apustua egiten duen edo ez jakiteko, bigarren txalupari erreparatu behar omen zaio. Aurten ere, mutilen bigarren trainerua kategoriari eusteko gai izan da, maila oso altua izan den ligan. Tripulazioetan ia aldaketarik egin gabe jardun dute lehian, eta haien tartean, jubenilek ere egin dute debuta. Bederatzigarren postuan bukatu dute KAE1 liga. 

Zenbaki handiak

Joxemari Olasagastik zenbaki batzuk eman ditu, elkarteak aurten izandako jardueraren dimentsioa hobeto azaltzeko. Horien arabera, Orio AEk 79 jardunalditan parte hartu du —aulki mugikorreko 26tan, bateletan 11, trainerilletan 6 eta traineruan 36—. Guztira 17 bandera irabazi dira, eta urrezko 20, zilarrezko 20 eta brontzezko 17 domina.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!