Paperekoa

Sukaldeko egutegia

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lete 2022ko abe. 12a, 09:00

Onintza Lete Arrietak azaroko KARKARA aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Kalean nenbilen batean, ezagun batek esan zidan KARKARAn lantzeko moduko gai polit bat zeukala niretzat. Antza, Orioko odol emaileen elkarteko presidente 50 urtez izan zen andreak alabari pasatu behar zion lekukoa. Alegia, Maria Cristina Atorrasagastik, Karmele Olideni. Zenbaki borobil horiekin eta istorioarekin txundituta, lantaldean proposatu, eta gustura hartu nuen gaia.

Kafe baten bueltan elkartu ginen ama-alabak, Juan Jose Oliden –bataren senarra eta bestearen aita– eta laurok. Umorez gehienean, hunkituta momenturen batean, kontatu zizkidaten urte hauetan egindako lanak eta bizitako kontuak. Handik egun batzuetara, elkartu nintzen odola 120 alditik gora eman duen Juanito San Sebastian oriotarrarekin, eta hark ere erantzun zizkidan galderak.

Azkenik, Aiara ere igo nintzen, eta baita hitz egin ere Fermin Zuloaga arduradunarekin eta Tamara Zuloaga alabarekin. Hasi nintzen idazten, eta kazetarion gaitzarekin topo egin nuen: inork ez zidan aparteko bitxikeriarik kontatu, ez aparteko titularrik eman, ez aparteko sakrifizioez hitz egin. Beraz, zer kontatu behar nuen? Emaitzei eta datuei garrantziarik ez ematea erabakita neukan, neu behintzat ez naizelako gai erabakitzeko zenbat odol den asko, eta zenbat gutxi. Ez ote da tanta bakoitza garrantzitsua?...

Eta hori pentsatzen hasi orduko konturatu nintzen hortxe neukala erantzuna: Maria Cristinak, Pilarrek, Juan Josek eta Ferminek ez zeukatela sekulako bitxikeriak kontatu beharrik, ezta lan sakon eta konplexu baten berri eman beharrik ere. Beraien lana egunerokoa izan ez arren, eta kanpotik begiratuta sekulako lan nekeza izan ez arren, egiten zutela egin beharrekoa bizitzak salbatzeko: herritarrei abisatu, lokala ireki, merienda prestatu, lokala garbitu, eta hala, hilabetez hilabete eta urtez urte, hutsik egin gabe, aiarrek hiru hamarkadaz, eta oriotarrek, berriz, bost hamarkadaz.

Orain, bi bikoteek sentitu dute lekukoa pasatzeko unea iritsi dela. Oriotarrak pozarren dira, alabak jarraituko diolako beraiek hasitako bideari. Aiarrak, berriz, ordezko bila dabiltza. Zorterik onena opa diet denei baina, batez ere, aiarrei, idazten ari den hau bezalako asko baldin badago bazterretan, ez dutelako erraza izango konpromisoa hartuko duenik aurkitzen.

Eta orain banoa kaxoian begiratzera, ea aurkitzen dudan orain pare bat hamarkada odol emaileen elkartekoek eman zidaten fitxa; abenduaren 1a dagoeneko gorriz borobildu dut-eta sukaldeko egutegian...

Erlazionatuak

Odolekoak odola behar dutenei lagunduz

Onintza Lete Arrieta 2022 abe 03 Aia Orio

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!