Iosu Esnaola: "Lehia oso-oso gogorra egongo da aurten Euskotren ligan"

Karkara 2021ko uzt. 4a, 12:19

Gaurko estropada amaitu berritan, gustura da oriotarren emaitzarekin Orio Arraunketa Elkarteko lehendakaria. Euskadi Irratian egin dituen adierazpenetan azpimarratu du, hala ere, proiektua bere osotasunean hartu behar dela kontuan.

Oriok atzoko emaitza irauli, eta bandera etxeratzea lortu du Euskotren ligako bigarren jardunaldian, Coruñan. Estropada amaitu berritan, Euskadi Irratian egin ditu adierazpenak Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko lehendakariak.

Esnaolak azaldu du denboraldi honetan "lehia oso-oso gogorra" egongo dela; "ona da hori, hala izan dadila", gaineratu du. "Ikusi besterik ez dago eremu berean jokatutako bi estropaden artean zer alde egon den traineruen artean".

Lehiak lehia eta emaitzak emaitza, Esnaolak azpimarratu du garrantzitsua dela "proiektua bere osotasunean ikustea", Orioko emakumezkoen traineruari erreferentzia eginez: "Aurten arraunlari dezente galdu ditugu, eta berriak dira batzuk; batek atzo debutatu zuen, beste batek gaur, bi arraunlari ere falta ziren asteburu honetan hainbat arazogatik... dena baloratu behar da", esan du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!