Marisa Arruabarrenak 'Ezkutuan dagoena' olerki liburuaz hitz egingo du Donostian

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 11a, 14:07

Bigarren aldiz argitaratuko dute oriotarraren liburua, eta aitzakia horrekin, agerraldia egingo du datorren asteartean, hilak 18, Donostiako Udal Liburutegi zaharrean, 12:00etan hasita.

Marisa Arruabarrenak duela bi urte argitaratu zuen Ezkutuan dagoena olerki liburua, eta baita Orioko Kultur Etxean aurkeztu ere. Lehen edizio hartako ale guztiak salduta, bigarren aldiz argitaratuko dute liburua orain, eta aitzakia horrekin, agerraldia egingo dute datorren asteartean, hilak 18, Donostiako Udal Liburutegi zaharrean, 12:00etan hasita. Duela bi urte Maiatz argitaletxearekin kaleratu zuen liburua, baina, orain, bigarren edizioa ateratzea Dakit argitaletxearekin adostu du.

Astearteko agerraldian, Arruabarrenak alboan izango ditu Fito Rodriguez eta Joseba Aurkenerena idazleak. Izan ere, ekitaldi berean Rodriguezek Enararen esanak liburua aurkeztuko du eta Aurkenerenak, Konfinamenduan ere konta-kontari.

Arruabarrenak betidanik izan du idazteko zaletasuna, eta baita literatur lehiaketatan parte hartzeko joera ere, baina ezer argitaratu gabea zen duela bi urtera arte. Ezkutuan dagoena poesia liburuarekin estreinatu zen, eta harrezkero, beste lan bat ere argitaratu du: Osaba Joxeren sotoko kutxan eleberria. Hain justu, iazko urrian kaleratu zuen bigarren liburu hori.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide