Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

Senaturako bozetan ere EH Bilduko hautagaiek lortu dute boto gehien Aian eta Orion

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 24a, 10:42
Orioko Kultur Etxeko hauteslekua.

Kongresurako ere EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena atzo bai Aian, bai Orion, eta Senaturako bozetan gauza bera gertatu zen: EH Bilduko Gorka Elejabarrietak, Olaia Duartek eta Mario Zubiagak jaso dute boto gehien Orion. Aian, Elejabarrietaren ondoren, EAJko Luke Uribe-Etxebarriak lortu du boza gehien.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izan ziren atzo, Kongresua eta Senatua berritzeko. Kongresurako EH Bilduk lortu zuen boto gehien bai Aian, bai Orion, eta gauza bera gertatu zen Senaturako bozekin ere, nahiz eta Aian oso parekatuta egon ziren emaitzak: boto bakarragatik gailendu zitzaion EH Bilduko Gorka Elejabarrieta (370 boto) EAJko Luke Uribe-Etxeberriari (369 boto).

Kongresurako hauteskundeetan alderdia hautatzen dute herritarrek, baina Senaturakoan, aurkeztu diren hautagai zerrendetatik alderdi bereko edo desberdinetako hautagai bat, bi edo hiru aukeratu ahal izaten dituzte herritarrek. Aian, aipatutako bi pertsona horien ondotik, honakoak izan dira bozkatuenak: EH Bilduko Olaia Duarte (364 boto), EAJko Mertxe Garmendia (362) eta Rafa Uribarren (355) eta EH Bilduko Mario Zubiaga (349).

Orion, nagusitasun handiagoarekin gailendu zen EH Bildu: Gorka Elejabarrietak (1.353 boto), Olaia Duartek (1.345 boto) eta Mario Zubiagak (1.289 boto) jaso zuten boto gehien.

Horien ondotik EAJko hiru kide izan ziren bozkatuenak: Luke Uribe-Etxebarria (959), Mertxe Garmendia (927) eta Rafa Uribarren (910).

PSE-EEko bozkatuenak, berriz, Izaskun Gomez eta Ana Priede oriotarra izan ziren, boto kopuru berarekin: 389 boto bakoitzak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!