Begirada berriak eraikitzen

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 7a, 15:58
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Ainhoa Zumeta Zaragueta ikastetxeko zuzendaria da, Mari Jose Garate Orioko Herri Ikastolako Haur Hezkuntzako hezitzailea, eta Elixabete Uria Orioko Haurreskolakoa. Eider Salegik, berriz, Mondragon Unibertsitatean jarduten du biharko irakasleak trebatzen, eta Haur Hezkuntzan doktore egin berria da Irakaslearen begirada sentikorra eraikitzen tesia onduta. Azken urteotan 0 eta 6 urte arteko haurrak hezteko moduan gertatzen ari diren aldaketen lekuko ez ezik, eragile ere badira lau emakume hauek. Horietaz eta datozen urteetarako aurreikusten dituztenetaz luze eta zabal hitz egin zuten azaroko KARKARA aldizkarirako.

Umeek betidanik eman izan diote atentzioa Eider Salegiri (Orio, 1981). Unibertsitate ikasketak egiten hasterako, bazekien haiekin zerikusia zeukan zerbaitetan bukatu nahi zuela. "Etorkizunera begira jartzen nintzenean, haurrei eta gazteei laguntzen irudikatzen nuen neure burua". Hori zer modutara egin nahi zuen ez zeukan horren garbi, baina psikologia ikastea erabaki zuen, hezkuntza aldetik jotzeko intentzioarekin. Praktikak egitea egokitu zitzaionean, saiakera egin zuen, institutu bateko orientatzaile izatea zer zen probatuta. "Baina esperientzia hark ez ninduen asebete, ikusi nuelako lan hori aukeratuz gero ez nuela edukiko umeekin zuzeneko harremanik, eta ezta txikitatik haien garapenean eskuhartzeko aukerarik ere".

Umeengandik hurbil egoteko modu ziurrena Haur Hezkuntzako irakasle izatea zela iritzita, bide horri heltzea erabaki zuen. "Iruditu zitzaidan errazagoa izango zela irakasle izan eta psikologian ikasitakoak praktikan jartzea, psikologo izan eta hezkuntzan nolabait eragin ahal izatea baino". Irakasle izateko prestatzen ari zela, psikomotrizista bat ezagutu zuen. "Haren eskoletara joaten hasi nintzen, eta konturatu nintzen hori zela nik egin nahi nuena. Azaltzen zigun haurra zer zen, haurra nola ulertu behar genuen, haurrak gelan zer jokabide zituen, haurrarekiko zer begirada eduki behar genuen, irakaslearen rolak nolakoa izan behar lukeen… Gaietan sakondu ahala, ikusten nuen horiek zirela niri benetan interesatzen zitzaizkidanak, eta psikologia ikasten horregatik hasi nintzela, horrelako gauzetan sakondu nahi nuelako". Berea hori zela konbentzituta, hezkuntzako psikomotrizitatea ikasteari ekin zion, eta psikologoa izanda terapia arloa jorratzeko aukera zuenez, horretarako ere prestatu egin zen.

Bitarte horretan, lanerako aukerak izan zituen, eta Elorrion, Orion eta beste hainbat lekutan ibili zen Haur Hezkuntzako irakasle, ordezkapenak egiten. "Ordezkapen horietako bat bukatzen ari nintzela, Mondragon Unibertsitatean lan egiteko aukera sortu zitzaidan, hasiera batean ikasgai bat edo bi emateko. Beste zerbait sortu bitartean baiezkoa ematea erabaki nuen, eta horrelaxe hasi nintzen". Lasai hasi zen, lehendabiziko bi hilabeteetan berari zegozkion eskolak bakarrik ematen zituen, "baina hirugarren hilabeterako sartu nintzen han eta hemen, eta konturatu nintzenerako unibertsitateko gauzetan erabat murgilduta nengoen". Gero, gainera, aukera izan zuen unibertsitateko Hazitegi ikertaldeko partaide izateko, eta horrek bide eman zion buru-belarri sartzeko haurraren ikerketari eta garapenari lotutako gaietan.

Curriculumari ginda

40 urterako hori dena egitea nahikoa izango ez balitz bezala, berriki beste urrats bat egin du Salegik. Orain arteko ibilbidean eta batez ere unibertsitatean ikertzaile eta irakasle dabilen urteotan pilatu duen jakintza eta esperientzia oinarri hartuta, eta horren interesgarri deritzon hezkuntza esparruari bere ekarpena egiteko asmoarekin, Irakaslearen begirada sentikorra eraikitzen izenburu duen tesia ondu du. Hilabete luzeetako lanaren emaitza uztailean aurkeztu zuen Eskoriatzako campusean egindako ekitaldi batean, eta kalifikazio gorena —bikain cum laude— erdietsita, hezkuntzan doktore egin da oriotarra. Esan liteke horrekin ginda jarri diola bere curriculumari.

Tesiarekin Haur Hezkuntzak daukan garrantzia aldarrikatu nahi izan du. "0-6 urte arteko etapan haurra eskolaratzea derrigorra ez denez, badirudi ez daukala horrenbesteko garrantzirik, etapa horretan esperimentatzea libre dela, eta gauzak horren ondo egiten ez badira ere, gero badagoela ikasteko denbora, LHn eta DBHn hasten delako hezkuntza prozesu benetako eta serioa. Frogatuta dago, ordea, hori ez dela horrela, 0-6 etapan finkatzen direla haurraren oinarriak, eta izugarrizko eragina izango duela bere garapenean; hau da, etapa horrek erabat baldintza dezakeela umea, gerora izango dituen harremanak, egoteko modua, mundua ikusteko modua eta abar".

Etapa hori horren garrantzitsua bada, hala izango da etapa horretako irakasleek jokatzen duten rola ere. "Irakasleok harremanetan profesionalak gara, gure lanbidea harremanetan oinarritzen baita, eta irakaslearen zeregin nagusia da haur bakoitzarekin harreman esanguratsu bat eraikitzea, ume horrek konfiantza sentitzeko. Izan ere, ume horrentzat irakaslea izango da atxikimendu irudi bat, bera delako umearen erreferentzia ama edo aita falta denean, eskolan pasatzen dituen ordu horietan guztietan. Eta konfiantzazko harreman hori eraikitzeko eta irakaslea atxikimendu irudi bilakatzeko, ezinbestekoa da sentikortasuna".

Baina zer da sentikortasuna? "Sentikortasuna da pertsona batek daukan gaitasuna besteak dituen beharrez konturatzeko, behar horiek interpretatzen jakiteko, eta horiei modu koherente eta esanguratsu batean erantzuten jakiteko. Ume batzuekin hasieratik sentituko dugu feelinga esaten dioguna, baina ez denekin, eta hori eraikitzea izango da gure egitekoa, harremanetan profesionalak garelako". Kasu horietan, lanketa egitea irakasleari dagokio, eta lanketa hori nola egin jakin egin beharko du. "Inportantea da norbere buruari begiratu eta hausnarketa egitea, jakiteko zergatik ume horrekin daukadan horren feeling gutxi. Egin ezin dudana da ume hori bazterrean utzi, nire betebeharra baita ume horri eskaintzea beste guztiei eskaintzen diedan gauza bera. Horretarako, kapaz izan beharko dut sortzen didan emozio hori eraldatzeko eta daukadan onena eskaintzeko".

Irakasle batzuk urduritzen dira negar asko egiten duten umeekin; beste batzuk, oso isilak diren eta parte hartzen ez duten umeekin; edo geldirik egoten ez dakitenekin. "Azkenean, urduritzen gara gure historia pertsonala nolabait ukitzen duten elementu horiekin. Negar egiten duen ume batek oso urduri jartzen banau, neure buruarekin lanketa egin beharko dut jakiteko zer gertatu den nire bizitzan negarrak horren urduri jartzeko, eta gauza bera oso jarrera pasiboa duten umeek urduritzen banaute, edo asko mugitzen direnek. Gauza horietaz konturatzeak sekulako garrantzia du, kontziente ez bagara albo kalteak sor ditzakegulako haur horiengan".

Haurrekin dituen harremanez gainera, ikasleen familiekin dituen harremanak ere landu eta zaindu egin behar ditu irakasleak, kontuan izanda familia bakoitza mundu bat dela eta bere berezitasunak dituela; eta zaindu egin behar ditu gainontzeko lankideekin dituen harremanak ere. "Umearen ongizatea da erdigunean jarri behar dena, eta oreka topatu beharko dugu, elkarlanean jardutea ezinbestekoa delako".

Prestakuntzarako erreminta

Irakasle eskoletan orain arte irakatsi izan dutena baliozkotzat jo du Salegik, baina ez nahikotzat, alegia, lehengoez gain bestelako gaitasun batzuk lantzeari ezinbestekoa deritzola. "Orain arte unibertsitatean irakatsi izan dizkiguten gauza horiek guztiek, garrantzi handia dute eta landu egin behar dira, baina alderdi teoriko eta kontzeptual horietaz aparteko beste gaitasuna batzuk ere beharko ditu irakasleak, pertsonaren jarrerarekin lotuagoak daudenak; esaterako, gaitasun sozioemozinalak, norbere buruaren eta gorputzaren kontzientzia izatea, haurrarengana egokitzeko gaitasuna, erresilientzia, norbere ongizatea kontutan izatea, eta inplikazioa eta konpromisoa. Adibidez, Mondragon Unibertsitatean hasita gaude alderdi horiek jorratzen, eta nire tesia ere horretara dator, formazioan gakoak zeintzuk izan daitezkeen esaten duen ekarpen bat da".

Salegiren tesia irakaslearen begiradan zentratzen da, zehazki begirada horren sentikortasunean, eta begirada sentikor hori eraikitzeko gakoak zeintzuk diren izendatzen eta xehatzen ditu. Irakaslearen begirada sentikorra dionean, irakaslearen begiratzeko moduaz ari da, "begirada horrek eragin zuzena baitu irakaslearen beraren portaeran eta jarduera profesionalean".

Kontzeptu horren definizioa osatzeko, bost alderdi hartu ditu kontuan: haurrarekiko begirada, hezkuntzarekiko begirada, irakaslearen rolarekiko begirada, bestearekiko begirada eta norbere buruarekiko begirada. Tesian alderdi bakoitza sakon garatu badu ere, honela laburbildu ditu: "Begirada sentikorra garatua duen pertsonak haurraren gaitasunean sinesten du. Ondorioz, haurrarengan zentratutako eskuhartzeak jarriko ditu martxan, eta haurra seguru, gustura eta konfiantzan egoteko eta bere gaitasunak garatzeko testuinguruak prestatuko ditu. Haurren prozesu naturalen behatzaile bihurtuko da, positiboa, goxoa, sentikorra, abegikorra, ulerkorra, emozionalki konektatzeko gaitasuna duena, haurren autonomia bultzatzen duena, mugak argi jarri baina malgutasunez jokatuko duena, eta boterea indarrez erabiliko ez duena". Irakasle sentikorraren helburua haur bakoitzaren berezitasunetara iristea dela dio.

Horretaz gain, irakasle horrek errespetuz begiratuko die besteei, ulerkorra izango da eta desberdina dena onartu egingo du. "Ez du inor aldarazi nahiko, ez da sarkorra izango, bestea ulertzen saiatuko da, gaitasun sozioemozionalak izango ditu, eta arduraz eta konpromisoz jokatuko du. Identitate sendoa eta landua izango du, ziurtasunez erantzungo dio hezkuntza jardunari, eta egoera berrietara moldatzeko prestutasuna agertuko du. Gainera, bere burua zaindu egingo du eta etengabeko prestakuntzari garrantzia emango dio".

Baina zerrenda egitea errazagoa da ezaugarri horien guztien jabe izatea baino, zenbait kasutan, nahi izatea ez baita aski. Izan ere, pertsona baten begiratzeko modua aurretik bizi izan dituen gorabeherek edota une horretan bizi dituenek baldintzatzen dute, eta irakasleak ere pertsonak dira, nahiz eta harremanetan profesionalak izan. Horregatik, Salegik beharrezkotzat jotzen du irakaslearen bizitzako mugarri eta bizipen esanguratsu horietan arreta jartzea, horiek aztertzea eta beharrezko lanketa egitea. Eta beste horrenbeste prestakuntzari dagokionean ere, formazioaren nolakotasunak begirada sentikorra eraikitzerakoan eragina izan dezakeela ondorioztatu baitu.

Zazpi irakasle, zazpi begirada

Salegik zazpi irakasle eta zazpi begirada aztertu ditu tesia osatzeko, ez baitaude begiratzeko modu bera duten bi lagun. Haiei den-dena kontatzeko eskatu die, bizitzako gorabehera guztiak, nola pertsonalak hala profesionalak, horiek denek beren begiradan izan duten eragina neurtzeko. Zazpi lagun horiek gabe tesirik ezingo zukeela ondu aitortu du egileak, haien esperientzietan oinarrituta gauzatu duelako lana. Horiek aztertuta ikusi du badirela begiradaren eraikuntzan dezenteko eragina duten eta jakiteko interesgarriak diren beste kontu batzuk ere.

Esate baterako, ez dagoela sentikortasunik ez duen pertsonarik, denek daukatela, batzuek gehiago eta besteek gutxiago. Begirada sentikorra zerbait aldakorra dela, eta uneoro garatzen doala. "Begirada zerbait dinamikoa, konplexua, multidimentsionala eta aldakorra da; testuinguruarekin elkarrekintzan eraikitzen dena eta pertsonaren esfera guztiei eragiten diena. Horrek isla dauka gelako giroan, haurrarekiko jokabidean eta ebaluazioan". Tesiaren izenak ondo dioen moduan, begirada sentikorra hori eraiki egin daitekeela. "Gaur egun garena, orain arte bizi izan dugun guztiaren ondorio da: gure bizitzatik pasatu diren pertsonena, gure balio, pentsamendu eta emozioena; azken finean gure esperientzien ondorioa, positiboak edo negatiboak izan. Pasarte esanguratsuenak izango dira gure begiradan gehien eragingo dutenak, inflexio puntutzat har daitezkeen mugarri horiek. Sarritan ez dira izaten esperientzia gozoak, sufrimendua eragiten dute, eta askotan gorputzarekin eta bizipenekin oso lotuta egoten dira".

Irakaslearen atxikimendu eredua ere begirada sentikorraren eraikuntzan erabakiorra dela esan du, baina ez da behin betikoa, alegia, begirada sentikorra landu eta garatu daitekeen bezala, atxikimendu ereduak ere landu eta tratatu daitezkeela. "Bizitzan zehar eredu horiek egonkor mantentzen badira ere, aldaketak izan ditzakete esperientzia berrien eta beste irudi esanguratsu batzuekin izandako kalitatezko harremanen ondorioz".

Irakaslearen begirada sentikorra zer den, zer ezaugarri dituen, garrantzitsua zergatik den, nola eraikitzen den, zerk eragiten dion eta beste hamaika kontu ikertuta eta luze eta zabal azalduta, hori guztia praktikan jartzeko garaia da orain, bihar Haur Hezkuntzako irakasle izango diren horien begiradak trebatzekoa, eta zergatik ez, baita dagoeneko irakasle diren horienak ere. Honetan ere, ziur asko, denbora izango da epailerik onena, baina jakina da biharko aldaketak gaur hasi behar direla lantzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!