Euskaraz bizi-bizi

Eman parkea elkarri!

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2014ko ots. 26a, 09:13
“Euskarak ikasgelak irabazi ditu, parkeak ditu irabazteko” hala adierazi zuen pasa den ostiralean Beñat Solaberrieta alkateak Zaragueta ikastetxearen DBHko zikloaren aurkezpenean. Ondo laburbiltzen du etorkizuneko erronka. Datuek indartzen dute gure ustea: gazteen artean hamarretik bederatzi euskaraz ari da Orion, baina helduetan erdira jaisten da erabilera. Erdira.

Aspaldi nabarmen ikusten da joera. Duela aste pare bat bi bileratan berretsi genuen tesia, hala hitz egiten uzten badidazue behintzat. Asteartearekin euskararen aktibistekin bildu ginen eta parkean gaztelania asko entzuten dela berretsi zuten bilera irekian. Gurasoei mezua nola transmititu aztertzen aritu ginen. Asteazkenean Gipuzkoa osoko euskara teknikari eta zinegotziak bildu ginen Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta. Lehenengo gaia teknikarien euskalduntzea, bigarrena hizkuntza irizpideen aplikazioa eta hirugarrena parkeetako joera, gurasoen erdal hizketa geroz eta nabarmenagoa. Gabiria eta Irurako erabilera datuei begira jarri eta Oriokoak ziruditen: helduen erabilera ia erdira jaisten da.

Alarma gorria piztu da; parkeetan piztu da, helduen artean. Lanean jarrita gaude. Euskal Herriko parkeetan gurasoen hizkuntza joera lantzeko egin diren programak ezagutzen ari gara eta egokienak Orion martxan jarriko ditugu. Azterketa egin eta batzordean proposatuko ditugu formula onenak.

Kepa Loidi harakinak eta Egoitz Eizagirre bertsolariek hala diote Euskaraz Bizi-bizi bideoan: “Garai batean eskolan gaztelaniaz egiten genuen; kaleak eta etxeak salbatu zuten euskara”. Gaur egun buelta hartu digu egoerak.

Jon Agirresarobe 'Torrotxo'
Euskara zinegotzia

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!