Euskaraz bizi-bizi

Haurrak eredu izanik gurasoen euskara erabilera hobetu nahian

Olatz 2014ko api. 7a, 13:20
Aita, ama... kontu bat dut zuei esateko! programa jarri dute abian gurasoen hizkuntza-ohituretan eragiteko

Euskararen erabilera gaztetxoen artean indartu egin da Orion. 1989an Orioko gazteen %30ak egiten zuen euskaraz kalean; 2013an, ordea, %88,5ekoa zen gazteen arteko erabilera. Azken hamarkadetan nabarmen aldatu da euskararen erabilera haur eta gazteen artean. Baina helduen artean?

Helduen erabilera, aldiz, %55aren inguruan dabil. Ez da handitu, ez gutxitu: zenbaki horren bueltan dabil azkenaldian. Hortaz, gaztetxoek asko dute erakusteko helduei eta horri egiten dio erreferentzia martxan jarri berri duten kanpainaren leloak Aita, ama... kontu bat dut zuei esateko!

Parkeak euskaldunduz

Euskaraz bizi-bizi egitasmo orokorraren barruan garatuko den programa da hau, Udalak guraso gazteen artean euskararen erabilera sustatu nahi baitu. Orioko parkeetan gaztelania asko erabiltzen da, guraso euskaldunak entzuten dira gaztelaniaz hizketan: haurrarekin ez bada, gurasoen artean. 

Hor eragiteko aukera ikusten du Udalak, baita ikastetxeetako irakasle eta guraso euskaltzaleek ere. Hortaz, gurasoen hizkuntza-ohituretan eragin nahi dute ekimen honekin eta parkeak euskaldundu.

Galdetegia programari hasiera emateko

Orioko Udaleko Euskara batzordeak galdetegi bat prestatu du, herriko bi ikastetxeen laguntzarekin. Galdetegiaren helburua datuak jasotzea da gurasoen arteko euskararen erabileraz: zenbatek hitz egiten duen euskaraz seme-alabekin, bikotekidearekin, lagunekin…

Galdetegia LH4, LH5 eta LH6ko haur eta gurasoei banatuko zaie, betetzeko. Galdetegia modu anonimoan beteko da eta Udalak horko datuak erabili nahi ditu programaren barruan gerora antolatuko diren ekintza eta jarduerak zehazteko. Inkesta honen ostean ekintza gehiago egitea aurreikusten du Udalak.

 
Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!