Euskaraz bizi-bizi

Putxu bakon eta ixun bat zen

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko uzt. 2a, 13:19
Euskararen erabilera jaitsi egin da Orion. Euskaraz bizi-bizi eta castellanoz raka-raka egiten dugula dio blogean Jon Agirresarobe euskara zinegotziak. %66k erabiltzen dugu euskara eguneroko gure zereginetan. Gero eta gutxiago. Emaitza kezkagarri honen aurrean zenbait pasarte datozkit burura.

Iñigo Muguruzak, Irungo musikariak, esan zuen, euskaraz ez zekitenean ere euskaraz abesten zutela etxean. Urkoren Euskara putxu bakon eta ixun bat zen. Guk ingeleseko kantuekin bezala, ulertu gabe baina kantatu,  auan auatxueri uatxuo!

Euskara ikasten ari direnek sekulako garrantzia ematen diote euskaraz pentsatzen edo euskaraz amets egiten hasten diren uneari. Amets Arzallusek zion herri hau euskaraz pentsatzen ez baldin bada, beharbada herri bat izango da, baina ez da nire herria izanen.

Arzallusek Korrikako mezuan irakurri zuena: Ama hizkuntza ez da amaren magalean jaso genuen hura, ama hizkuntza da enetzat pentsatzeko baliatzen dugun hizkuntza… eta norbaitek esaten badizue zuek euskaldun berriak zaretela, zuek esaiozue zaharra izatea ez zaiola inori gustatzen.

Koldo Mitxelenaren esaldia da: Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria. Euskaraz hitz egiten zuten lehen oriotarrek komunikatzeko tresna bat utzi ziguten eskura. Geroztik, Orion denetarik gertatu da, baina euskarak hemen dirau. Oriotarrok euskaraz bizitzeko eta hitz egiteko beharra dugulako.

Iñaki Arruti Lasarteko euskara teknikariak esan zidan behin euskara teknikariek inguruan ba omen dutela indar elektromagnetiko bat edo… zenbait euskara teknikari konturatuta daude, beren presentziak inguruko elkarrizketatan hizkuntza aldaketa eragiten duela. Erdaraz ari direnak bazpare euskarara pasatzen direla. Kontuz! Jabi Zabaleta dator, orain euskaraz! Euskara teknikariak euskararen inspektoreak, poliziak edo zigortzaileak balira bezala.

Euskaraz amets egiten dugunok, euskaraz pentsatzen dugunok, ama hizkuntza euskara dugunok, Euskara putzu sakon eta ilun bat zen abesten dugunok, euskara teknikariaren presentziaz hizkuntza aldatzen dugunok… euskaraz bizi-bizi egiteko nahia sentituko al dugu Orion! Euskaraz raka-raka egitekoa.

Lazkao Txikiri ere galdetu omen zioten: Euskararen alde zer egin behar diagu Joxe Miel? Zer egin beharko diagu, ba? Hitz egin!

Xabier Sukia
Karkara aldizkariaren 339. zenbakian argitaratutako iritzi-artikulua

 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!